XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laborari xume horiek erregeen ezpainetan eman behar zituzten hitzak ez zitezkeen egunerokoak izan, ez egiazko errege batenak ere: Gorte euskaldunik izan baldin bada sekula, haren oroitzapena aspaldi ahantzia zatekeen.

Distantzia horretarik sortzen da parte handi batez hizkuntza bitxi, ber-denboran herrikoi eta arrotz hura.

Bestalde textua beti bigarren utzia dela ongi ageri da, dela taula jokuen zerbitzuan, dela kondakizunarenean.

Ia sekula ez dira entseiatzen pastoral egileak hizkuntzaren, hartaz beste helbururik gabe baliatzera.

Ez xerka haietan asonantzia arrado aberatsik, ez xerka metafora edo imaia berezirik, ez xerka sendimenduak adieraz litzakeen deus orijinalik.

Egoera bakoitzari (beti bertsuak heldu dira) mintzamolde egina-prest bat dagokio eta pastoral egilea ez da handik kantitzen.

Guretzat, molde horretan, pasarte komikoak dira preziagarrienak, naturalago baita orduan erabiltzen den hizkera, biziago, adierazgarriago.

Gauza bat bada kritikalari batzuk egin erreprotxuetan zuzenkontrakoa iruditzen zaidana: pastoral egileek euskara ez zekitela edo gaizki zerabiltela, alegia.